XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hemen hartu zen lehenengo neurria frantses guztiak Espainiatik bidaltzea edo mugatik urrun internaturik uztea izan zen.

Agindu hartan Frantziatik ihesi babes bila etorritako apaizak ere sartzen ziren.

1793ko martxoan Frantziak gerrari ekiten dio Espainiaren aurka.

Espainiaren defentsaguneak Katalunian, Pirineoen erdialdean eta Euskal Herrian ezarri ziren orduan.

Gipuzkoan Ventura Cano jeneralaren mendean jarri zuten armada.

Bidasoako Beraraino obra asko eta haundiak egin zituzten defentsarako, gotorleku nagusia Irunen zelarik.

Bigarren defentsagunea Hernanin sortu zuten.

Iruñetik Donostiara zihoan lerroan zortzi mila lagun inguru ziren tropa arinean, eta bederatzi edo hamar mila milizietan.

Hasieran eraso eta tira-bira txikietan aritu ziren bi armadak, Bidasoa eta Donibane-Lohizune artean izandako borrokaldietan.

Espainiarrak defenditu bakarrik egiten ziren eta frantsesak, berriz, oraindik nahiko tropa bertara bildu gabe zuten eraso bortitzean hasteko.

Gipuzkoarrek foruen tradizioak agintzen zuen ortodoxiarekin erantzun zuten gerraren aurrean.

Izan ere, bertakoen tertzioak antolatu bai, antolatu zituzten, baina arazoak ere berehala izan zituzten Caro jeneralarekin.

Alde batetik, ez ziren ados jartzen ez koordinazioan ez helburuetan.

Tertzioetakoek probintziaren lurraldea bakarrik defenditzera zeuden behartuta eta, hala, ez zuten muga igarotzen frantsesekiko iskanbila haietan.

Gainera, beren ofizialtasunari eusten zioten, armada erregularrarekin koordinaturik ibiltzea onartzen bazuten ere.

Beste alde batetik, tertzioak jende xeheak osatuta zeuden, eta baserritarrek, artisauek eta jende hark ogibideari ere eutsi behar izaten ziotenez ezin zuten luzaroan soldadu ibili.

Hartara, hilero elkar txandakatzen zuten arren, laster hasi ziren desertzioak.

Tertzioak osatzeko, gainera, nahiko lan izan zen, izan ere soldadu zerrendak egiterakoan alegazio anitz eta ugari izan baitzen: alargunaren semeak zirela, elbarriak zirela, altuerara iristen ez zirela... azken finean, gizartearen errealitatea agintariengandik zein urrun zegoen erakusten zuen jarrera hark.

Caro jeneralak esperientziarik eta eraginkortasunik eza leporatzen zien, eta Probintziak jende hura erretiratzea erabaki zuen azkenean.

Haien ordez 750 mertzenario jarri zituen, Diputazioaren eta udalen kontura.

Haien denen soldata eta armak ordaintzea gastu haundia zenez Gerrako Kutxa sortu zen, hartarako bakarrik erabiltzen zen aparteko kontabilitate fondo gisa.